Gaurko gomendioa… Xomorropoemak eta beste piztia batzuk

Poemak, xomorroak bezala, ustekabean agertzen dira. Eta ziztatu egiten dute. Eta kosk. Eta azalean koskor txikiak utzi, egunetan joaten ez direnak… Poemak, azken finean, xomorroak bezalakoak baitira. Eta kontuz, batzuetan xomorro horiek piztia bihurtzen direlako.

Umeek literaturarekin duten lehen kontaktua poesiarekin dela ahazten zaigu sarritan. Txiki txikitako kanta, aho-korapilo eta hitz asmaketekin poesia sortzen dute berez eta natural. Irakurtzen hasten direnean, ordea, ipuin narratiboak eskaintzen dizkiegu eta poesia bazter batera utzi. Horrenbestez, urteekin poesiara hurbiltzen direnean arrotza egiten zaie, zaila eta konplikatua.

Katebegia hautsi ez dadin, eta era natural batean poesia lantzen jarrai dezaten, sortu dute Leire Bilbao olerkilariak eta Maite Mutuberri ilustratzaileak liburu hau. Poesiak irudi berriak asmatzeko balio duelako, umeen irudimenari mugarik jarri gabe. Poesiak hizkuntza garatzeko eta berritzeko balio duelako. Erritmoa eta errima lantzeko ere baliagarriak dira poemak. Begietatik ez ezik, belarritik irakurtzen ikasi eta kantuetara hurbilpen bat erraztuz.

Liburu honek modu dotorean lortzen du egileen helburua, izan ere musikaltasuna, onomatopieak, errimak eta hitz jokuak dira protagonista irakurle goiztiarrentzako hiztegi erraz eta eskuragarrian, txikienek irakurketarekin goza dezaten, irudimena aska dezaten. Baita helduek ere! Hitzak collage teknikarekin eginiko iluztrazioekin lagunduta aurkezten zaizkigu, haur literaturan oso ohiko ez den teknika erabiliz, liburua are eta erakargarriagoa eta bereziagoa bihurtuz.

Poema sorta hau lau ataletan banatzen da: Poema hegodunak, Uretako poemak, Narras-marras poemak eta Poema orrolariak. Atal bakoitzean, dagokien animaliei tiraka, egunerokotasuna deskirbatzen digute hitz errimatuen bidez, txiki zein helduen gozamenerako.

Liburu honek Euskadi Literatura Saria 2017 irabazi zuen Euskarazko haur eta gazte literatur sailean eta 2019an gaztelerara ere itzuli du Kalandraka argitaletxeak.

Izenburua: Xomorropoemak eta beste piztia batzuk 

Testua: Leire Bilbao 

Ilustrazioa: Maite Mutuberria

Adina:  5 eta 8 urte bitartean 

Orrialde kopurua: 80

Argitaletxea: Pamiela

Lehen argitalpena : 2016ko azaroak 22

 

 

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *